LK Pay Zerbitzuaren Pribatasun-politika
Caja Laboral Popular Coop. de Crédito (aurrerantzean LABORAL Kutxa).
Identifikazio fiskaleko zenbakia: F-75076935.
Helbidea: Jose Maria Arizmendiarrieta pasealekua, zk.g., Arrasate.
Inskripzioa: Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioko Kooperatiben Erregistroan, 2630 SMT zenbakiarekin.
Gainbegiratzailea: ESPAINIAKO BANKUA —Alcalá, 48, Madril—.
Baldintza hauek arautuko dute LK Pay aplikazio informatikoa (aurrerantzean Aplikazioa); hau da, deskargatzeko, sartzeko eta erabiltzeko moduak. Erabiltzaileak onartu egin beharko ditu, irakurri eta ulertu ondoren.
1. Baldintza hauek onartuz gero, Aplikazioa bere gailu mugikorrean (telefonoan, tabletan…) instalatu ahal izango du erabiltzaileak, eta Aplikazioaren beraren zerbitzuetan sartzeko helburu bakarrarekin erabili beharko du.
2. Pertsona fisikoek soilik eman ahal izango dute alta, eta beharrezkoa izango da Interneterako sarbidea eta Aplikazioarekin bateragarriak diren sistema eragileak izatea.
3. Aplikazioaren zerbitzuetan sartu ahal izateko, LK Pay deskargatu eta, agiri hau zorrotz irakurri ostean, baldintzok onartu beharko ditu.
Erabiltzailearen erantzukizuna izango da Aplikazioa bere gailuarekin bateragarria den egiaztatzea, softwarea deskargatu aurretik.
4. Erabiltzailea izango da Aplikazioa instalatuta duen gailuen erabileraren, zaintzaren eta segurtasunaren erantzule.
LABORAL Kutxak ez du inolako erantzukizunik izango, erabiltzaileak edo hirugarren batek kalte-galerak izaten baditu, interferentziak, ez-egiteak, etenak, sare eta komunikazio-lineen deskonexioak, energia-horniduraren akatsak edo sarearen nahiz sistema informatiko zein telematikoen matxurak direla eta. Gorabehera horien arriskua erabiltzaileak hartuko du bere gain. Halaber, LABORAL Kutxak ez du erantzukizunik izango, erabiltzaileak Aplikazioa gaizki erabiltzearen edo Aplikazioa instalatu duen gailuetan birusak sartzearen nahiz eraso informatikoak gertatzearen ondoriozko kalte-galeretan.
5. ALDATZEA:
LABORAL Kutxak aukera izango du baldintza hauek guztiak edo batzuk aldatzeko. Era berean, ahalmena izango du baldintza berriak gehitzeko ere. Halakorik egiten badu, erabiltzailea jakinaren gainean jarriko du Aplikazioa bera erabiliz, eta beharrezkoa izango da erabiltzaileak baldintza berriok onartzea. Erabiltzaileak baldintza berriak onartu ezean, ezin izango du Aplikazioa erabili.
Aplikazioa eguneratu, aldatu, ordeztu eta ezabatu ere egin ahal izango du LABORAL Kutxak, eta ez du erabiltzaileen aurrean inolako betebehar edo erantzukizunik izango.
6. PRIBATASUN-POLITIKA
LK Payk kontaktu-agendara sartzeko eskatuko du, eta bere kontaktuen datuak jasoko ditu, BIZUMen erregistratuta dauden egiaztatzeko. Datu horiek zerbitzari batean irauliko dira aldi baterako eragiketa egiten den bitartean. Zure kontaktuen informazioa ez da inola ere gordeko LABORAL Kutxaren edo LKPay-ren sistemetan. Informazio hori Redsys-ek prozesatuko du (https://serv.redsys.es).
LABORAL Kutxaren pribatutasun-politikak datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen araudia betetzen du.
15/1999 Lege Organikoan eta berori garatzeko araudian jasotakoari jarraikiz jakinarazten dugu Aplikazio honetan erabilgarri dauden baliabideen bidez erabiltzailearengandik zuzenean jasotako datu pertsonalak konfidentzialtasunez erabiliko ditugula eta LABORAL Kutxak Arrasaten —Jose Maria Arizmendiarrieta, zk.g— duen Datuak Prozesatzeko Zentroko fitxategi automatizatuan gordeko ditugula. Erabiltzaileek eskubidea izango dute datu horietan sartu eta, dagokionean, zuzendu, ezabatu eta aurka egiteko.
Erabiltzaileek baimena eman diote LABORAL Kutxari, edozein zerbitzu edo produkturen eskabidetatik edo egindako edozein eragiketa edo transakziotatik jasotako datuei tratamendu automatizatua emateko. Bestalde, espresuki baimena eman diote LABORAL Kutxari, datu pertsonal horiek berorren agenteei edo Taldea (Seguros Lagun Aro Vida SA eta Seguros Lagun Aro SA —Basurtuko Kaputxinoen kalea, 6, 2, Bilbo—) osatzen duten edo etorkizunean osatuko duten hirugarrenei lagatzeko edo, behar denean, interkonektatzeko, horiek beren helburu sozialerako edo jardueretarako erabil ditzaten. LABORAL Kutxak, lehen aipatutako helburuarekin, agiri honen bidez eman die erabiltzaileei lagapenaren berri. Orobat, erabiltzaileek berariazko baimena eman diote LABORAL Kutxari, beren datu pertsonalak eta beren merkataritza-ibilbidearenak, bai gaur egun dituenak eta bai negozio-harremanen ondorioz etorkizunean lortzen dituenak, Caja Laboral Bancaseguros SLUren esku uzteko —Jose Maria Arizmendiarrieta pasealekua, 4, Arrasate (Gipuzkoa)—. Helburua da entitate horrek beharrezko tratamendua ematea, bere eta hirugarrenen produktu eta zerbitzuei buruzko informazio komertziala pertsonalizatuta eta baldintza hobeetan bidaltzeko.
Era berean, erabiltzaileek onartu dute beren datu pertsonalak LABORAL Kutxarekin lankidetza-hitzarmenak dituzten beste batzuei lagatzea, horien produktu, zerbitzu edo leialtze-programei —Travel Club eta abar— buruzko informazio komertziala jasotzeko helburu bakarrarekin.
Erabiltzaileek berariazko baimena eman diete LABORAL Kutxari eta datu horien lagapen-hartzaileei (Caja Laboral Bancaseguros SLUri batez ere) merkataritza- eta publizitate-mezuak bitarteko elektronikoak (posta elektronikoa eta telefono mugikorra, adibidez) erabiliz igortzeko. Publizitate-helburu horrekin, erabiltzaileek onartu egin dute LABORAL Kutxak kontratuko edo aurrekontratuko harremanak bukatzen direnean beren datu pertsonalak erabiltzen jarraitzea.
1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera, erabiltzaileek beren datuak lehen ezarri den bezala lagatzeko, merkataritza- eta arrisku-profilak lortzeko eta publizitatea igortzeko emandako baimena ezeztagarria da atzeraeraginezko efekturik gabe.
Ildo horretatik, baimen bat edo guztiak (datuen lagapena, profilak lortzea eta publizitatea igortzea) ezeztatu ahal izango dituzte. Hainbat bide daude baimena ezeztatzea eskatzeko: Online Banka, Bezeroarentzako Arreta Zerbitzura jakinarazpena bidaliz posta-helbidera: 2. posta-kutxa, 20500, Arrasate / edo helbide elektronikora: Servicio.de.Atención.al.Cliente@Laboralkutxa.com, eta LABORAL Kutxaren edozein bulego.