Aholku orokorrak
Ikasi nola funtzionatzen duten birusek eta phishing-a zer den, eta nabigatu segurtasunez Interneten.
1. NABIGATU SEGURTASUNEZ
Online Bankan egiten dituzun eragiketen segurtasuna zaintze aldera, ez eman datu pertsonalik edo gako pertsonalik webgune seguruetatik kanpo.
- Laboral Kutxaren Online Bankaren webgune seguruen helbideek horrelako webguneen “s” dute, eta denek https://www.laboralkutxa.com dute hasieran.
- Datu edo gako pertsonalik erabili behar baduzu, egiaztatu webgune seguruaren ziurtagirien indarraldia eta titulartasuna. Horretarako, egin klik nabigatzailearen barrako giltzarrapoaren gainean.
- Ez fidatu Online Bankan sartzeko estekez, mezu elektronikoetan edo bannerretan txertatuta badaude. Esteka horiek erabiltzen badituzu, egiaztatu zuzeneko helbidera eramaten zaituztela (https://www.laboralkutxa.com).
- Ez eman inoiz zure segurtasun-gakoak, eta aldatu aldian-aldian. Ez erabili gako arruntik edo erraz ondoriozta daitekeenik.
- Ezabatu ordenagailuaren cache-memoria, beste pertsona batzuek ere erabiltzen badute edo leku publiko batean badago.
- Amaitu beti Online Bankan hasitako saioa.
- Zure gakoen konfidentzialtasuna zaindu behar duzu, zure ordenagailuaren segurtasuna babestuz. Horretarako, instalatu birusen kontrako softwarea zure ordenagailuan eta izan beti aktibatuta. Ez instalatu ezezaguna edo zalantzazkoa den softwarerik.
2.BIRUSAK
Birusak eta spywarea ordenagailuan asmo txarrez instalatzen diren programak dira.
Birus-infekziorik ez izateko, hau da komenigarria:
- Birusen kontrako softwarea eguneratuta egotea (aldian behin eguneratu behar da; ez da nahikoa berria izatea).
- Posta elektronikoz jasotzen diren dokumentuak antibirusarekin egiaztatzea.
- Bermatutako jatorria duten eta jabetza intelektuala urratzen ez duten programak soilik exekutatzea.
Halaber, kontuan izan beharra dago antibirusek huts egin dezaketela. Alde batetik, gerta daiteke birus jakin bat ez detektatzea, ez baitute ezagutzen, eta beste batetik, programa kaltegabeak ere birustzat har ditzakete.
Birusen kontrako neurriak, posta elektronikoan erabiltzeko.
Posta elektronikoa birusak transmititzeko bide nagusietako bat da. Izan ere, bidalketaren jatorria ez dago bermatuta, eta horrek zenbait arrisku dakartza berekin; hala nola, hirugarrenek mezuaren edukiaren berri izatea, bidaltzailea ordeztea eta birusa bidaltzea.
Posta elektronikoa erabiltzean ahalik eta arrisku gutxien izateko, hau gomendatzen dugu:
- Erantsitako fitxategian zuzenean ez exekutatzea. Askoz seguruagoa da aldez aurretik ordenagailuko direktorio batean behera kargatzea.
- Eskatu gabeko mezuak jasotzean, bidalketa bidaltzailearekin egiaztatzea edo mezua zuzenean ezabatzea. Ez dugu inoiz ireki behar, bidaltzaile ezagun batena bada ere.
- Kate-mezuetan ez parte hartzea.
3. PHISHING-A
Phishinga iruzur bat da. Norbaitek enpresa bat –eskuarki, finantza-erakunde bat– iruzurrez ordezten du, bezeroen informazio konfidentziala eta sarbide-gakoak lortzeko.
NOLA JARDUTEN DUTE:
- Erasoak gezurrezko mezu elektronikoen bidez egiten dira. Haietan, erakundea iruzurrez ordezten da.
- Mezuek jatorrizko webgunearen itxura imitatzen duen iruzurrezko webgune batera birbideratzen dute. Web-orri horretan, datu eta gako pertsonalak –txartelaren zenbakia, PINa edo sarbide-gakoak– sartzeko eskatzen zaie erabiltzaileei.
- Iruzurrezko mezu elektronikoek zure informazio pertsonala lortzea dute helburu. Laboral Kutxak ez du erabiltzaileen informaziorik (gakoak, kreditu-txartelaren datuak…) inoiz eskatuko posta elektronikoz.
- Askotan, mezuek kontua etengo dizutela mehatxatzen dute, ez badituzu zure datuak berehala sartzen. Horrelako mezuei susmoa hartu behar diezu. Laboral Kutxak ez du inoiz posta elektronikoa horretarako erabiliko.
- Gainera, akats ortografikoak eta bestelako akatsak egoten dira iruzurrezko mezu elektronikoan edo web-orrian. Horrek haien jatorria zalantzazkoa dela adierazten du.
Zalantzarik izanez gero, deitu berehala Bezeroaren Arreta Zerbitzura.